Bilbao Indie Game
Contest-eko oinarriak

Bilbao International Games Conferencek honako helburu hauek ditu:
bideojokoen industria-ehun independentea sustatzea eta indartzea,
berrikuntza eta sormena sustatzea, berdintasunezko eta diskriminaziorik gabeko bideojokoen industria bultzatzea, eta gazte garatzaileak ahalduntzea. Printzipio horiek oinarritzat hartuta, BIG Conferencek Bilbao Indie Game Contest Bideojokoen Nazioarteko Lehiaketaren edizio berri baterako deialdia egin du, lehen FS Play gisa ezagutzen zena.
Bilbao Indie Game Contestek nazioarteko izaera duen deialdi hau egin eta honako OINARRI hauek ezarri ditu:
OINARRIAK
1. Helburua
Bilbao Indie Game Contest (aurrerantzean, BIG Contest) Bideojokoen
Nazioarteko Lehiaketaren helburu adierazia da bideojoko independenteak garatzean sormena eta berrikuntza aitortzea, saritzea eta sustatzea; horretarako, laguntza ekonomikoa (sarien bidez) eta ikusgarritasun eta aintzatespen publikoak emango dira.
2. Kategoria eta sariak
Guztira, jaialdian 10.000 € emango dira sarien bidez, honako kategoria hauetan banatuta:
2.1 BIG Contest saria indie jokorik berritzaileenari: irabazleak 4.000 €-ko zuzkidura ekonomikoa jasoko du.
2.2 BIG Contest saria euskal bideojokorik onenari: irabazleak 4.000 €-ko zuzkidura ekonomikoa jasoko du.
2.3 BIG Contest saria unibertsitateko jokorik onenari: irabazleak 2.000 €-ko zuzkidura ekonomikoa jasoko du.
3. Garatzaileen betekizunak
3.1 BIG Contest munduko edozein lekutako bideojoko-garatzaileei
bideratuta dago, adin-mugarik gabe eta bestelako mugarik gabe, 3.
epigrafean ezarritako irizpide teknikoen kasuan salbu.
3.1.1 Indie jokorik berritzaileenaren kategorian mundu osoko hautagaitzak onartuko dira.
3.1.2 Euskal jokorik onenaren kategorian Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako estudioek garatutako jokoen hautagaitzak onartuko dira. Estudioko kideen % 75ek, gutxienez, EAEn bizi beharko dute.
3.1.3 Unibertsitateko jokorik onenaren kategorian, graduko edo
graduondoko unibertsitate-ikasketen esparruan garatutako joko-
hautagaitzak bakarrik onartuko dira. Jokoa garatu duten taldekideen % 75ek, gutxienez, unibertsitate-ikasleak izan beharko dute.
3.2 Bere jokoa indie jokorik berritzaileenaren kategoriara aurkezten duten pertsona fisikoak, pertsona fisikoen taldeak edo pertsona juridikoak (elkarteak, enpresak nahiz legezko beste edozein formakoak) garatzaile edo estudio independente gisa hartu beharko dira, Wikipedian aurkitutako definizioaren arabera.
3.2.1 Zalantzarik izanez gero, erakundeak hautagai jakin bat onartu edo ez erabakitzeko eskubidea izango du.
3.3 BIG Contesteko hautagaiek legez bete beharko dituzte aurkeztutako jokoekin lotuta dauden jabetza intelektualeko eta industrialeko eskubide guztiak, horiek erabiltzeko, ustiatzeko eta erreproduzitzeko eskubideei dagokienez, nahiz hirugarrenen lizentziak erabiltzen direnean.
3.3.1 Betekizun hori betetzen ez duen joko oro automatikoki deskalifikatuta geratuko da eta ezin izango du BIG Contesteko sarietako bakar bat ere eskuratu.
3.4 Hautagai bakoitzak nahi adina joko aurkeztu ahal izango ditu.
3.5 BIG Contesteko finalistek bideokonferentzia bidez aurkeztu beharko dute beren proiektua; bideokonferentzia hori jaialdian bertan erakutsiko da. Azken fasean beren proiektua aurkezten ez duten finalistak deskalifikatuta geratuko dira eta ezin izango dute saririk eskuratu.
4. Aurkeztutako jokoen betekizunak
Jokoaren generoa eta gaia irekiak izango dira. Lehiaketan parte hartu ahal izateko, jokoak honako betekizun hauek bete beharko ditu:
4.1 Indie jokorik berritzaileenaren eta Euskal jokorik onenaren sarien kasuan: jokatzeko modukoa izatea eta 2021eko abenduaren 12tik aurrera argitaratua izatea, edo, hala ez bada, data horren ondoren garatua izatea.
4.1.2 Unibertsitateko jokorik onenaren sariaren kasuan: gutxienez beta egonkorreko bertsio bat aurkeztea, jokatzeko modukoa; haren mekanikek guztiz funtzionatu beharko dute, eta amaierako eta jatorrizko asset grafiko propioak izango dituzte.
4.1.3 Jokoaren amaierako builda epaimahaiaren esku utzi beharko da, hark jokoa proba dezan.
4.2 Jokoak honako plataforma hauetakoren baterako egon behar du erabilgarri, gutxienez:
4.2.1 Ordenagailu pertsonalak (Mac edo PC)
4.2.2 PS4/PS5, Xbox One/Xbox Series X edo Nintendo Switch
4.2.3 Gailu mugikorrak (smartphoneak eta tabletak)
5. Lehiaketaren garapena
5.1 BIG Contesten izena emateko, hautagaiek online inprimaki hau bete beharko dute: https://bit.ly/bigcontest2022
5.1.1 Izena emateko azken eguna 2022ko urriaren 18a izango da, 23:59an (GMT+2).
5.2 Hautagaiak onartzeko epea itxi ondoren, lehiaketaren antolatzaileek indie jokorik berritzaileenaren kategoriarako 5 finalista aukeratuko dituzte, eta euskal jokorik onenaren kategoriarako beste 5.
5.3 Finalistek azken fasean parte hartuko dute, eta epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dute beren jokoa, BIG Conferencen.
5.3.1. Ezinbesteko kasuetan salbu, aurkezpena jendaurrean egingo da. Epaimahaiak erabakiko du zer jo ezinbesteko kasutzat.
5.3.2. Finalistei bidaia-poltsa bat eskainiko zaie (zenbatekoa zehazteko dago oraindik).
5.4 Finalista guztien aurkezpenak ikusi ondoren, epaimahaia isilpean bilduko da, kategoria bakoitzeko irabazleak gehiengo soilez aukeratzeko.
5.5. Sariak Titanium Sarien ekitaldian iragarri eta banatuko dira, BIG Conference 2022an.
6. Epaimahaia eta botoa emateko irizpideak
6.1 BIG Contesteko epaimahaia lehiaketaren zuzendaritzak izendatuko du, eta bideojokoen sektoreko profesional ezagunek osatuko dute.
6.2 Epaimahaiak eman gabe utzi ahal izango ditu sariak, baldin eta aurkeztutako joko bakar batek ere ez baditu betetzen lehiaketa honen kalitate- eta berrikuntza-estandarrak.
6.3 Epaimahaikideek ezin izango dute izan finalisten zuzeneko senideak, eta ez dute inolako interes ekonomikorik edo bestelakorik izango aurkeztutako jokoei dagokienez.
6.4 Epaimahaiak erabateko askatasunez baloratuko ditu hautagaiak, BIG Conferenceko zuzendaritzaren inolako interferentziarik gabe.
6.5 Hautagaiak baloratzeko orduan, lehiaketaren antolakuntzak eta
epaimahaiak berrikuntzarekin, originaltasunarekin eta kalitate
artistikoarekin lotutako irizpideak izango dituzte kontuan, bereziki honako arlo hauek kontuan hartuta:
6.5.1 Jokoaren diseinua: originaltasuna eta berrikuntza jokoaren
mekaniketan, kontrol-eskemetan, mailen diseinuan eta abarretan; kalitate teknikoa hura ezartzean, eta erabiltzailearen esperientzia.
6.5.2 Narrazioaren diseinua: berrikuntza narrazio elkarreragilean eta testuen kalitate artistikoan (gidoia, elkarrizketak, world buildingak eta abar), eta jokoaren mekaniketan.
6.5.3 Diseinu artistikoa: berrikuntza eta kalitate artistikoa alderdi bisualean, baita jokoaren mekanikei dagokienez ere.
6.5.4 Musika eta audioa: berrikuntza eta kalitate artistikoa soinuari dagokionez, baita jokoaren mekanikei dagokienez ere.
7. Azken gogoetak
7.1 BIG Contesten parte hartzeko izena emateko inprimakia bidaltzeak esan nahi du hautagaiek guztiz onartzen dituztela OINARRI hauek.
7.2 BIG Contesteko epaimahaia eta zuzendaritza arduratuko dira OINARRI hauek ezartzeaz.