Fun&SeriousGameFestivalek, Europako bideo-jokoen jaialdirik handienak, Iberdrola VIT Talks-en lehen edizioa aurkeztu du. Hitzaldi-ziklo bat da, eta helburua publikoari industriako pertsona ospetsuak ekartzea da, 20 minutu inguruko hitzaldietan haien esperientziak azal ditzaten.

VIT Talks hitzaldien jardunaldia azaroaren 30ean izango da, Bilboko Azkuna Zentroko (Alhondiga) auditoriumean, 9:00etatik 18:00etara. Mahai-inguruetan besteak beste hauek hartuko dute parte: Tim Schafer, Monckey Island-en sortzailea eta Double Fineren sortzailea eta CEO; AlexeyPajitnov, Tetris bideo-jokoaren sortzailea; Peter Vesterbacka, AngryBirdsen sortzaileetako bat; Pepe Larraz, Marveleko Espainiako marrazkilaria; Luke Crane, Kickstarteren bideo-jokoen dibisioko zuzendaria; Stephanie Peterson, Runtasticeko presidenteordea edo PatriceDésilets, Assassin’s Creed frankiziaren sortzailea eta Panache Digital Gameseko sortzaileetako bat eta zuzendari sortzailea.  

Jardunaldi berezi honetan publiko gisa parte hartu nahi duten pertsonek jaialdiaren web-orrian eros dezakete sarrera dagoeneko, 25 euroren truke. Sarrera horretan, VIT Talks zikloaren barruan dauden hitzaldi guztiak barne hartzen dira.

Youtube bideo-plataforma aurtengo jaialdiaren protagonistetako bat da, eta eginkizun berezia izan du VIT Talks hitzaldi-zikloan. Hori dela eta, ekitaldia teknologiaren arloan ezaguna den Carolina Denia Youtuber-ak zuzenduko du. Egunean zehar egingo hitzaldietan moderatzaile eta aurkezle gisa aritzeaz gain, mahai-inguru batean ere parte hartuko du (“Nosotras las Youtubers”) beste hiru youtuber ezagun batzuekin batera. Jardunaldietan jaialdiko aitabitxia eta sari-banaketaren galako aurkezlea izango den Toni Garridok ere parte hartuko du. Hain zuzen, telebistak YouTubera egindako jausiari buruzko hitzaldian izango da Antonio Castelo umoristarekin.  

Industria sortzaileek arte bihurtu dute beren berritzeko gaitasuna, ez bakarrik entretenimendu hutsean, kultura-industriak oraindik indartsuena izaten jarraitzen duelako, beste arlo batzuetan ere bai, hala nola komunikazioan, marketinean, prestakuntzan edo bizitza osasungarrian. VIT Talks-en txostengileek eta bertaratutakoek Berritzearen arte irrikatu eta zail honen inguruan hitz egingo dute, bideo-jokoak orainaren industria bihurtu duten eta etorkizunean aukera handia duten sekretuak azaltzen.

 

Gai horietan sakontzeko, bi mahai-inguru antolatu dira. Lehenengoan, bideo-jokoek osasunean izan ditzaketen onurei buruzko gogoeta egingo da, eta horretarako esklerosi anizkoitza gaixotasuna erabiliko dute, gizartean oso hedatuta dagoelako. Esklerosi anizkoitza duen gaixo batek, Espainiako Esklerosi Anizkoitzeko Elkarteko CEOk eta Virtualware Group osasun esparrurako immertsio-teknologietan eta teknologia interaktiboetan espezializatuta dagoen enpresa-talde teknologikoaren zuzendariak parte hartuko dute.

 

Bigarren mahai-inguruari dagokionez, etorkizuneko entretenimenduari buruz hitz egingo dute, eta Manuel Gonzálezek, teknologia berriei buruzko Espainiako telebistako saiorik zaharrenaren (Zoom Net) aurkezleak, Paco Asensik, EndemolBeyond Iberia erakundeko zuzendari orokorrak eta Daniel Seseñak, RTVEko Cámara Abierta saioaren zuzendariak eta aurkezleak parte hartuko dute.

 

Alfonso Gomezek, Fun&Serious Game Festival jaialdiaren zuzendariak, hau adierazi du: “Iberdrola  VIT Talks bideo-jokoekin, berrikuntzarekin eta teknologiarekin zerikusia duten industriaren alderdiei buruz partekatzeko eta gogoeta egiteko eremu bihurtzeko sortu dira. Horretarako, jardunaldi hau antolatu dugu, txostengileek publikoari beraien ezagutzak eta esperientziak azal diezazkioten, modu arin eta dinamiko baten bidez. Horrela, bertaratutakoek zuzenean ezagutuko dugu ekintzaile ospetsuen arrakastaren sekretua, lehen edizio honetarako aukeratutako gaiaren inguruan: berritzearen artea”.

Iberdrola VIT Talks hitzaldi-ziklo honetan egongo diren hitzaldiez gain, bertaratutakoek industria sortzaileen proiekturik berritzaileenetako batzuk ikusteko aukera izango dute Networking eremuan, besteak beste enpresa hauen eskutik: Daia Solutions, Deusto Sistemas, Basquegame, Ikasplay, Pulsar Concept, Virtualware eta WiMi5.

 

Fun&Serious Game Festival jaialdiari buruz

Bilbon, azaroaren 26tik abenduaren 1era bitartean egingo den Fun & Serious Game Festival Europa osoko bideo-joko jaialdirik handiena da, eta dagoeneko erreferentzia-puntua bihurtu da industriaren barruan. Bizkaiko hiriburutik 20.000 pertsona baino gehiago igaro ziren iaz antolatutako jardueretatik.  

Bere eginkizuna da bideo-jokoen ekoizle, zuzendari, artista eta garatzaileen lana aintzatestea eta bultzatzea, hitzaldiak, mahai-inguruak, networking eta enpresetarako nahiz publikoarentzako jarduerak barne hartzen dituen programa oso baten bidez. Jaialdiaren amaieran sari-banaketaren gala esklusiboa egiten da urtero, urteko bideo-jokorik onenen sariak banatzeko.

Fun&Serious Game Festival jaialdiak Eusko Jaurlaritzaren, SPRIren, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du. Babesleak Iberdrola eta BBVA dira. Partner estrategikoak,  Microsoft eta Ubisoft. Horrez gain, Espainiako Bideo-jokoen Elkartea (AEVI), Digipen, UTAD, La Salle Campus Barcelona – Ramon Llull Unibertsitatea eta Virtualware laguntzaile moduan ere arituko dira.