Fun&Serious Game Festivalek, Europako bideo-jokoen jaialdirik handienak, dagoeneko FUN ZONE gunerako sarrerak salgai jarri dituela jakinarazi du. Jaialdia Bilboko Euskalduna Jauregi enblematikoan izango da, azaroaren 27tik 29ra bitartean. eSport-en munduko plataforma liderra den ESLren eskutik, Espainiako iparraldeko kirol elektronikoen ikuskizunik handiena bihurtuko da beste urte batez Fun Zone gunea.

Aldez aurretik abonamenduak erosi nahi dituenak Fun&Serious Game Festival jaialdiaren web-orrira, GAMEren web-orrira edo GAME dendetara jo dezake.  Abonamenduaren prezioa 25 eurokoa da eta Fast Pass eta GAME dendetan gastatzeko 3 euro barne hartzen ditu. Sarrerak egun jakinetarako erosteko aukera ere badago.

ESLk mailarik handienera igo du eSports-en goi-lehiaketa. Gure herrialdeko profesional eta talderik onenetako batzuek bi auditorioetan lehiatuko dute eSports-en bi joko nabarmenenetan garaipena lortzeko: League of Legends eta Counter Strike jokoetan hain zuzen.

Halaber, hainbat jolas-eremu izango dira, bertaratutakok eSport-ez zuzenean goza dezaten, beraien lagunekin eta beste bisitari batzuekin lehiatuz, ordenagailurako eta kontsolarako jolas-eremuetan. Uneko jokorik arrakastatsuenekin aritzeko aukera izango dute, hala nola Rainbow Six Siege jokoarekin.  Guztira Minecraft-en 40 postu eta 100 jolas-postu baino gehiago aurkituko dituzte bertaratutakoek; besteak beste: FIFA 16, Rise of The Tomb Raider, Halo 5, Forza Motorsport 6, Rainbow Six Siege, League of Legends o Assassin´s Creed: Syndicate. Ez dugu ahaztuko Fun Zone guneko aurtengo ekitaldi garrantzitsuenetako bat: World of Tanks jokoaren Europako erkidegoko ekitaldirik handiena.

Fun Zone guneko musikaz eta giroaz Euskadi Gazteko Dj-ak arduratuko dira.

Alfonso Gómezek, Fun&Serious Game Festival jaialdiko zuzendariak, hau adierazi du: “Fun&Serious Europako erreferentziako bideo-jokoen jaialdia izateko urratsak ematen ari gara, eta FUN ZONE guneak berebiziko garrantzia du horretan.  Kontua ez da profesionalik, auditoriorik eta eremurik onenak eta ikusgarrienak izatea; helburua da inguru orokorra eskaintzea, bertaratutakoek eremu paregabean daudela benetan senti dezaten. Bestalde, bestelako jarduerak ere eskaintzen ditugu, jolasaren esperientzia osa dezaten. Eta hori da lortzen ari garena Euskalduna Jauregian”.

Fun Zone gunea irekita egongo den 3 egunetan zehar, hara joaten denak jokalaririk onenen erakustaldiez gozatzeaz gain, haien kontra jolasteko aukera ere izango du. Ez dira faltako lehiaketak, zozketak, cosplay eta ofizialak ez diren txapelketak ere, Fun Zone gunean izandako eSport-en esperientzia ahalik eta osoena izan dadin.

Indie Zone, YouTube eta Fun Zone Academy

Baina industriak lan handiekin bakarrik ez duenez bizitzen, Fun&Serious Game Festival jaialdiak indie bideo-jokoetarako eremu bat ere eskaintzen du FUN ZONE gunean: Indie Zone. Berriro indie bideo-jokoak erakusteko aukera paregabea izango da, eta bertako bideo-jokoen talenturik onenak ikusi ahalko dira. Eremu horretan, Estatuko eta nazioarteko bideo-joko independenterik onenetako batzuekin jolastu ahal izango da. Bestalde, FUN ZONE gunetik igaroko diren milaka pertsonen aurrean erakusteko aukera ere izango da.

Youtubek emandako tailerra

Halaber, aurtengo edizioan YouTubek eta YouTuberrek protagonismo berezia izango dute. YouTuberen partner programari buruzko informazioa emateko masterclass bat egongo da. YouTuberen abantailak eta haren kanal bati etekinik onena ateratzeko moduak ere azalduko dira. Tailer hori azaroaren 27an izango da eta Maruchi Garcíak emango du, Senior YouTube Strategic Partner Manager Spain dena.

Azkenik, Fun Zone Academy-n, bideo-joko bat nola sortzen den ikasiko dute bertaratutakoek UTAD, Bartzelonako La Salle eta Digipen unibertsitateen eskutik.  Diseinu artistikoari, podcast-ak sortzeko prozesuari, errealitate birtualari, eSport eskolari eta bestelakoei buruzko workshop-etan parte hartzeko aukera ere egongo da.  

Fun&Serious Game Festival jaialdiari buruz

Bilbon, azaroaren 26tik abenduaren 1era bitartean egingo den Fun & Serious Game Festival Europa osoko bideo-joko jaialdirik handiena da, eta dagoeneko erreferentzia-puntua bihurtu da industriaren barruan. Bizkaiko hiriburutik 20.000 pertsona baino gehiago igaro ziren iaz antolatutako jardueretatik.  

Bere eginkizuna da bideo-jokoen ekoizle, zuzendari, artista eta garatzaileen lana aintzatestea eta bultzatzea, hitzaldiak, mahai-inguruak, networking eta enpresetarako nahiz publikoarentzako jarduerak barne hartzen dituen programa oso baten bidez. Jaialdiaren amaieran sari-banaketaren gala esklusiboa egiten da urtero, urteko bideo-jokorik onenen sariak banatzeko.

Fun&Serious Game Festival jaialdiak Eusko Jaurlaritzaren, SPRIren, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza jasotzen du. Babesleak Iberdrola eta BBVA dira. Partner estrategikoak,  Microsoft eta Ubisoft. Horrez gain, Espainiako Bideo-jokoen Elkartea (AEVI), Digipen, UTAD, La Salle Barcelona eta Virtualware laguntzaile moduan ere arituko dira.