Bideo-jokoen jaialdi hau -Europako handiena- Bilbora dator azaroaren 25tik 28ra eta edizio honetako ohorezko sarietako bat baieztatu du. Aurten ere sari-ematea Guggenheim museoko ekitaldian izango da, ohikoa den legez.

Aurten ohorezko sarituetako bat, eta baieztatu den lehenbizikoa, Warren Spector amerikarra izango da. System Shock, Deus Ex eta Thief: The Dark Project bezalako bideo-jokoen ekoizle eta ideologoak 30 urte baino gehiago daramatza industria honetan eta aitzindarietakoa izan da.

System Shock 1994ko bideo-joko bat da eta lehen pertsonan jolasteari zegozkion arauak aldatu zituen. Akzioa eta rol jokoak modu berritzailean nahastu zituen eta historian lehenbiziko aldiz jokalariei utzi zitzaien arazoak beren erara konpontzen; horrela, jokalari bakoitzak bere esperientzia propioa zuen eta hori erabateko berrikuntza izan zen jokoak askoz linealagoak ziren garai hartan. Warren Spectorren lan hau aitzindaria izan zen eta gero etorri ziren Deux Ex eta BioShock.

Azkeneko urteetan University of Texasekin lankidetzan aritu da Spector; batetik, bideo-jokoak garatzeko programak zuzendu ditu eta bestetik, Dolph Briscoe Center for American History delakoaren Bideo-jokoen Artxibo Historikoa sustatu du. Era berean, International Game Developers Association-eko zuzendaritzako kidea izan da eta bertako heziketa-batzordeko zuzendariordea ere bai; bideo-jokoen industriaren eta mundu osoko erakunde akademikoen artean harreman positiboak izatea da batzorde horren xedea.

2012an Game Developers Choice Award prestigiotsua eman zioten eta ohorezko doktore egin zuen Chicagoko Columbia Collegek, entretenimendu digitaleko industriari egindako ekarpen historikoengatik. Bere lanaren eta bizitzako ibilbidearen atzera-begirada bat egon da ikusgai Smithsonian Institution-en. Spector, langile amorratua da eta gaur egun System Shock 3 garatzen ari da.

Fun & Serious-ek bideo-jokoen teoriari eta diseinu murgiltzailearen filosofiari egindako ekarpen handiagatik saritu nahi du, baita industria honen kultura-garrantziaren etengabeko sustapenagatik ere.

Alfonso Gómezek, Fun & Serious jaialdiko zuzendariak, adierazi duenez “Atsegin handiz adierazi nahi dizuet Fun & Serious Game Festival honen VI. edizioko sarituetako bat Warren Spector izango dela. Spector oso garrantzitsua da azken 30 urteetako bideo-jokoen garapenean eta gaur egun kultura-industria hau handi egin duten oinarriak finkatzeko ekarpenik handienak egin dituenetakoa izan da. Bera eta prestigio handiko bate zenbait Bilbon izateak jaialdi hau indartu egiten du, gaur egun bideo-jokoen munduan duen zeregina indartu egiten du eta Fun & Serious Game Festival nazioarteko erreferentea izateaz gain, ezinbestekoa da sektore honetako egile handientzat.”

Saria jasotzera etortzeaz gain, Warren Spectorrek baieztatu du azaroaren 26ko VIT Talks delakoetan parte hartuko duela; bideo-jokoei, berrikuntzari eta joerei buruzko hitzaldi hauetan bere ibilbideaz arituko da eta System Shock 3 proiektu berriaren garapenaz ere hitz egingo digu.

Fun & Serious jaialdia topagune garrantzitsua da mota honetako industriarentzat eta bideo-jokoak arte mailara igo nahi dira (zinea edo musika bezala); izan ere, 2015ean Espainian 1.083 milioi euro fakturatu eta  hazten jarraitzen duen sektore hau garrantzi handikoa da.